ausaz

zein borragoma erabili, egutegitik ezabatzekoak diren egunentzat? koloreak, formak, taktuak, ezer konpontzeko balio balu sikiera.

erloju matxuratuak etxean utzi eta bizikleta hartu dut, 30km/h-ko abiadurara mugatutako kaleak zeharkatzeko forma sigi-sagatsuak marraztuz.

geometriarik okertueneko erpinean topatu zaitut, ausaz. hiri honetan apenas topatzen duzu ezagunik kalera irtetean.

zure begien aurrean lotsak hartu nau ustekabean; "nola bada, azken bi egunetan izarak elkarbanatu ditugunean", errepikatu duzu. ez dizut esan nahi izan baina negarrez ari nintzen barrutik.

etxera itzuli eta atera egin da negarra. kanpoan euria ari du orain.

2019-08-12 23:08:20 (anabasa, bizhitz)

erdizka

Izen baten bila aurkitu ezinik hori gabe aurrera egin ezinda utzi dut dena erdizka: gosaria, solasa, aldamenekoa entzuteko grina, egunkariko artikulua, hoztu zait kafea, goizeko enkarguak, kalera irteteko gogoa, mugikorrean idatzitako mezua, oporretako asmoak, gauzatzen ez diren planak, mesanotxeko liburuak, urteroko zitak, aurrekoan gomendatu zidaten kantua, lagunen arteko mintza, esaldian aditza, emandako hitza, hein batean bizitza.

2018-12-31 18:01:30 (bizhitz)

pollas

"¡pollas!" egin zuen oihu
oihu egin zuen eta bazenekien benetan
benetan zela bazenekien
bazenekien ez bakarrik aurpegiak eta begiradak ziotenagatik-edo
edo eskuin eskua erabili zuelako "ospa" esanez bezala
edo txistua irten zitzaiolako hitzarekin batera

batera edo bestera jakin zenuen benetan zela
zela benetan ez zuelako "poyas" ebaki, ez
ez eta antzerako ahoskera eguneratu indargeren bat
bat-batean irten zitzaiolako oihu-hitza eta
eta hitzaren oihartzuna zelako XX. mendeko gaztelera
eta gaztelera horrek ahoskatzen zuelako ele bikoitz bortitza.

2018-12-05 10:55:49 (anabasa, bizhitz)

nibel

nola datozen notiziak,
adibidez:
jakinarazpena mugikorrean;
emaila da

pixkanaka gorritzen den
argi berdea
bihotza bero liteke orain
led argiz

erabaki aurretik
pasatzen da
segundo erdia

hau ez da nire
  lana
  tokia
  maitalea

baina nola pasa
jokuaren hurrengo nibelera
kreditu txartela ez dabilenean

2018-11-14 22:17:53 (neurtitz)

arteria

kableatu pozoindua
argiztatze sasi-industriala
hondakin fabrika
argazkitarako janaria
apurtutako tuberia
usainik gabeko kaka
animaliak ehizan
profil akatsgabea

bala bat bihotzean
parentesi luze bat elkarrekin
arteriak sutan
neguan hotzik ez

2018-10-28 11:48:33 (bizhitz, neurtitz)

atzerri

besaulkian eseri eta hautsak hartutako liburutik
arrakala galdu bat ireki dut
begiak brankiak bailiran
arnastu dut
ezkerreko orrian idatzita dagoen poema

elurra da
Boston da
autobus-bidaia da
New York da
etxera itzultzea ere
atzerri da

2008ra begiratu eta
aurkitu ditut hautsitako estekak
ohozpelak baleitu iv. neurria saila iii.
badaki begiztak
bukaeratik hasierarako bidea

distantzia da
Hauptbahnhof da
tren-bidaia da
Bellevue da
diruz lagundutako
lilura galdua da

eta jarri dut begizta
eta pentsatu dut nola
denboraren distantziak
ospel bilakatzen duen
aberrian erein zen gogoa

2018-10-27 21:19:09 (bizhitz, neurtitz)