roxa

Irudipenak hori besterik ez dira, irudipenak. Nola adierazi erdi-daltoniko bati roxa eta morea, tartean zubia izanda ere, irla diferentetan bizi direla?

Baina daltoniko izatea ez da ezinbesteko baldintza bereizten ez jakiteko. Askotan etzaten baikara roxa koloreko linboan, eskuetara heltzen ez diren besoak besarkatuz agian, imajinaziozko irudipenei segida emanez beharbada.

Roxa guztiak ere ez dira irla berdinetan bizi. Are gehiago: irla berdinetako roxek aukera handiak dituzte petalo ezberdinetan lo egiteko.

Beraz, kolore bakarraren bila ari bagara, litekeena da petalotik petalorako bidezidorretan galdu eta zerutik etorritako zapla batek lurrera eraistea.

Bistakoa denez, roxa kolorea gauza errazen metafora gisa bataiatu zuenak ez zituen hauek guztiak kontuan hartu. Geuk ere ez akaso; horregatik sufritzen ditugu hezur-haragitan ordurik lausoenetan.

2010-07-23 21:57:32 (bizhitz, erretratuetan)