izenburu gabea
Nerabezaro aldera-edo idazle izatera jolastea erabaki zuen. Halaber jakina zeukan bere lehen liburuaren izenburua. Garbi samar ikusi zuen Garamond letra-tipoa erabiliz inprimatuko zirela letrak. Arrakastaren aparrak bultzata egingo zuela ihes anonimo izatera. Eta kaputxa jantzita egingo ziotela entrebista Sautrelan.
Urte puska batzuk geroago, ardo kopa eskuan hartuta aspaldiko zirriborro batzuei begira aritu da. Hortxe topatu du ispilua: bista-bistakoa, urrutira joan beharrik gabe noraezak itotakoa, koloreak denborak ezabatua, izenburu gabea.