dentista

Memoria kaxkarra daukat: ze demontre esan ote dizut kontsultara sartu naizenean (kontuan izan goiz lanbrotsua izan dela eta dentistaren oheak ikara apur bat ere ematen duela; beldur terriblea ere ez, baina ikara pixka bat bai, hori seguru).

Ez naiz gehiegi atrebitu zure begietara begiratzen, lanpararen argitasun geldoak drogatuta bainengoen bestela ere — begiratzen al dute dentistek pazienteen begietara, lanean daudenean, adibidez Donostian, astearte goiz batean?

Ileak duda-mudaz ezkutatu dizun piercingak eman dit atentzioa. Belarritako beste bi perla horiek tokiz kanpo ikusi ditut. Ez da ezer pertsonala baina ez zaizkit sekula gustatu.

Orduan gogoratu naiz nola duela ia hamar urte, Groseko kontsulta zaharrean, bai, akordatu naiz beste neska batekin sortu zitzaizkidala antzerako burutazioak. Akordatu naiz halaber SPrako Tranbia neramala aldamenean (liburua, ez tranbia). Horrekin esan nahi dut datuak inportanteak direla edonon, edonoiz, ezer aportatzen ez badute ere.

(Nota bene: gazteegia izango zinen atenditu zidan emakumea zure lankide gisa kalifikatzeko garai hartan. Lasai, ni ere artean petit-suisse bat nintzen, edo bera zaharregia zen agian berrogei minutuko nire amets lotsatiei benetako hauspoa emateko.)

Konturatu orduko plakak atera eta bukatzear gaudela komentatu duzu. Jakingo bazenu nola aldenarazi didazun hasierako ikara.

Orduz geroztik kontu bakarra darabilt kaskarrean: "disko hau berriro nahi dut entzun".

2013-04-23 22:48:22 (bizhitz)