zapatu

Zapatu eguerdia inguratzen den honetan eguzkiak epel jotzen du hegoaldeko balkoian. Liburuaren azken orriak gozatu eta, gora begira, begiak itxi ditut. Atea jo dut urrutian, postariz jantzitako umeak bezala, eta aspaldiko jolasen putzuan galdu zait memoria. Gaiztoen paperean jarri eta ihes egitea zen helburua askotan.

Zure etxera inguratu nintzenekoarekin parekatu dut. Orduko hartan, gure arteko kilometroen aitzakia gainditu eta atea jo nizunean, ez zuen inork erantzun. Banekien barruan zeundela, baina isiltasunaren mezua helarazten zuten taupadek STOP hitza errepikatzen zuten.

Begiak ireki ditut. Kosta zait. Buzoirako bidea hartu dut, egunkariaren bila. Tartean gutunazal bat zegoen; azkar ezagutu dut zure letra. Baina aspertuta nago esker txarraren negarrak urrutitik jasotzera eta horregatik bota dut zure karta zuzenean zakarretara.

Gaur diferenteak direlako taupadak eta aurrera joateko norberak egin behar dituelako kilometroak, besteen mozorroetan ezkutatu gabe. Liburuak irakurtzea bezala da, norberak bizi behar du kapitulu bakoitza, aurre egin parrafoei, hitzei. Eta gozamenez jarraitu, azken eteneraino, zapatu eguerdi batean eguzkitan legez.

2008-12-30 23:00:33 (bizhitz)