jaruska

Neska txekiarrarena etorri zait gogora.

Kuriosoa izan da, abioian gurasoengandik bereiz baitzegoen eta nire ondoan esertzea tokatu baitzaio. Motxila aurreko eserlekuaren azpian jarri du eta hankentzako lekurik gabe geratu da. Gauzak goiko armairutxoan uztea ez al zen hobe galdegin diot nire ingeles baldarrean, baina berak I don't speak English batekin erantzun dit. Kontxo esan dut neurekiko eta segidan zer hitz egiteko gai zen jakiteko irrika azaldu diot. Czech garbi batekin erabakita utzi du elkar ulertzeko hizkuntza ahozkoa ez dela izango. Keinuen balioak barre-algarak eragin ditzakeela frogatuta utzi dugu. Begirada gozoa azaldu du uneoro.

Tartean behin alaba zer moduz dagoen ikustera etorri dira gurasoak, abioian leku sakabanatuetan egon arren, harek izan lezakeen bakardadea despistatzera.

Abioiak lur hartutakoan autobusetara igotzeko ordua iritsi da. Abioi handia izaki, erditik aurrerakoak ate batetik jaitsi dira eta gainontzekoak bestetik. Atzean gindoazen guztiak igo gara autobusera, neska txekiarra abioiaren magalean geratu da ordea, begiradarekin gurasoak topatzeko deliberazioz. Autobusak hanka egin du baina eta, ez agur ta ez adio, bukaera jakin gabe geratu naiz.

Terminalen arteko joan-etorrian nabil orain eta A22 atearen parean familia bat dator korrika bizian: gurasoekin dago iada neska txekiarra. Segundo erdia behar izan dugu erreakzionatzeko, nahikoa berak irribarre ozen bat eskaintzeko eta nik eskuarekin agur egiteko.

Neskaren izenik jakin gabe geratu naiz; begiradaren gozoagatik, baina, Jaruska edo antzekoren bat behar zuen izan.

2008-08-13 20:24:34 (bizhitz)