tea eskuan
Tea eskuan, saihestu ezinean pentsamenduak zugana alde egiten zidan, errazagoa zen arren egunerokotasunari lotutako zeinahi txikikeria oroitzea, baina hain zen erraza nire zure pentsamendura urruntzea —egia absolutua hura, ez baikenuen ezer konpartitzen eta dena nire baitara murrizten baitzen—: liburu bat leitzean, disko zaharrak ordenatzean, amaitu gabeko bazkariaren ontziak garbitzean, hamar eguneko bizarra egitean. Gertatu gabeko momentuak errepasatzen nituen bata bestearen segidan, zirkoan lehenengo eguna duen trapezistak mugimenduen puzzlearekin egingo lukeen bezala, eta baldar jokatu eta kale egiteko beldur erreal bezain lausoa ikusten nuen nigan edo margotutako nire mozorro hartan, lagun batek esana baitzidan nigandik ihes egiteko modu arduragabea zela, pentsatu beharraren beharraz, dena zaindu beharraren beharraz, begiak ixtea bezala zela eta nire baitatik alde egiten nuela eta, nirekin batera, denbora ere bazihoala, eskutik helduta agian, hura baitzen finean-finean aurkaririk memelo baina eraginkorrena. Detaileetan jausten nintzen halaber, abesti baten letra luzatzeko saiakera baldarretan bezala, Oliveira Salazar cabronaçao
entzun nuen behin eta ezin burutik kendu hura elipsiraino hedatzeko gogo alferra; dena den, hori baino gutxiago zen guztia, saiakera itxurarik ere ez baitzuen urrunetik, museoetan koadroak ikusteko ezarrita zegoen distantzian kokatzea nahikoa zen apika, baina nik nirean jarraitzen nuen tematuta, saiakera zela sinetsita, benetan gertatzen ari zen ustean, segundoz segundo ametsak betetzetik urrunago, segundoz segundo ametsetan lokartzetik gertuago.