eta bitartean
Han urrutira begira nengoela izerdi tanta bat erori zait gainbeheran. Etsipena edo ahalegina, zoriona ala triskantza, nork daki zer adieraztera datorren momentuaren etenduran aurkeztu den zera hori?
Tanta horretan bertan disolbatu da metro batzuk aurrerago etzanda zeunden horren islada. Konturatzerako hanka egin du zure itzalaren trazak eguzkiaren atzaparretatik eta zurekin batera eraman duzu, hondarrezko erlojuak hare-ale bakoitza estutzen duen bezala, denbora.
Orduan tiro bat jaso izanaren inpresioaz, indar batek bortizki erasotu nau eta aurrera jausi naiz. Altxa ezinaren deiadarrak ezina iltzatuta utzi dit gorputzean eta isiltasuna aspaldiko ezaguna izanik esaldi bat errepikatzen nuen erritmo makalean: eta bitartean zure zain egongo naiz, hondarretan etzanda, zerura begira.