lan egitea nekagarria da
Haizearen egarriak putz egin eta kolorezko kaleidoskopioak banatzen dituzte herriko tabernetan. Kaleidoskopioan ez da aitzakiarik ikusten, ez dago ezezkorik esan gabekoen lurraldean albokoari zernahi kontatzeko. Zeure begietan ikusi duzu, zeure begietan preso hartu duzu.
Eta etxerako bidea ordurik gabeko bidaia bat da. Gehienetan ez dago pentsatzeko betarik, ezta txorakeriarik absurdoenari segundo bat eskaintzeko gogorik ere.
Bidaia bukatutzat eman eta ordu batzuetara esnatu zara berriro. Biluzik zaude, baina hori ez da ohikoaren errutinatik aldentzen zaituena; lurrean irekita dagoen liburuak bildu du atentzioa: Joseba Sarrionandia - Lan egitea nekagarria da. Buruan hamaika mailu joka dituzunean ere irakurtzea nekagarria dela esan duzu kolkorako. Horrexegatik murriztu da zure gaitasuna bi lerro irakurtzera:
Horregatik agertzen da gauetan mozkor bat, berriketan,
Bere bizitza guziko proiektuak azaltzen.
Gehiegi pentsatu gabe harrapatu duzu esan nahi izan dizuna. Alde batetik, lo ez ezik hitz ere egiten duzula. Bestetik, zure bizitzako proiektuek 237 orrialde betetzen dituztela.
Lan egitea nekagarria da
, errepikatu duzu. Proiektuek itxaron dezaketela, betiko legez.
Beste aje-egun bat muturren aurrean.