herdoil
Hosto bat gurpil artean herdoil kolorea dariola. Burdinean denborak eta hego-haizeak bezalako arrastoa utziz, zanbuluka batera eta bestera. Hala irakurri nuen behin, benetan.
Eta hego-haizea ez da ona, ez digulako bizitzen uzten eta tentsioa jaisten duelako eta bizikletak herdoiltzen dituelako.
Oxidoa geratzeko etortzen omen da gainera. Bidea gaiztotzera, pentsa lezake norbaitek. Ez ordea, uger-orbainak bizikleta zaharren xarmaren beste zati bat izan baitaitezke. Halaber, bizikleta herdoilduta egon arren aurrera egin dezakegu arazorik gabe.
Aitzitik, hostoak bai zailtzen duela bidea. Hostoak urtaro honetan duen koloreak bizikletaren aurrean gotorleku bat eskein diezaioke, besterik ez. Oztopoa baino ez da gurpil artean: noraezeko kulunkan harrokeriaz aurre egiten utzi nahi ez digun horixe.
Hortara etorri da hostoa, zirikatzera eta bizikletaren batek daki zein zatiri kilimak ateratzera.
Hostoak geratzera ez direla etortzen erabaki dut. Denbora-tarte batean aurpegirik gozoena erakutsi ondoren, ez agur ez adiorik eskeini gabe ezkutatzen digutelako aurpegia. Hego-haizeak bultzata agian, beren borondatez beharbada.