lile

Lucyk komentatzen zuen bezala, L wants to be L. Zoragarria da Lile. Beste hainbat gauzen artean, Peru Magdalenaren liburutik honekin geratu naiz ni:

Iluntzean balkoian jesarri eta berba egiten genuen hamaika gauzaz, egunean zehar baino sosegatuago orain. Eta berba urdinak trukatzen genituen. Eta gogoratu genituen kantak, eta kanta horietako letrak, eta ipuinak, poemak, istorioak, ilusioak... eta herri zaharren kondairak, eta existitu ere egin ez ziren herrien historia, eta herriok existitzen amaitzen zuten. Denetarik han. Eta denbora gure alboan jesartzen zen. Eta zigarroak egitea zapatilak eranztea bezain natural egiten zuen neska hari, gogoak hegan egiten zion noizbehinka. Besteok berbetan jarraitzen genuen bitartean, berak, ezpainak luzaturik, teilatuetara begiratzen zuen. Eta ikaragarri desiratzen nituen bere ezpain haiek. Bere edertasuna urdin bilakatzen zen, sosegatua, epela, kremazkoa. Eta nik, hainbeste desiratu arren, ez nuen minik. Hain zen ipuin batekoa Lile, hain zen minik gabekoa bere presentzia...

Begiak ikaragarrizko ziurtasunez eta lasaitasunez pausatzen zituen edozerengan, edozeinengan. Begiratzen zizunean hurbil sentitzen zenuen, betiko lagun bat bailitzan. Eta bera besarkatzeko gogoa sartzen zitzaizun, horrela zugan bere zerbait geratuko zen esperantzan. Eta geratu zen, bai. Geratu zen. Eta batzuetan iruditzen zait hobe izango zela besarkatu ez banu, desiratu ez banu, beragan parte hartu izan ez banu. Bai, hori iruditzen zait batzuetan. Baina beragandik edan behar izan nuen, bera edan, nire egonezinezko dudak kutsatu, edertasun kamikazearen bilaketa honetara sartu, eta orain bera ez da koloredun inpultsu bizi hura. Orain bera ere milaka kilometrotara dago, gogoa guztiz urdinduta, norabide guztietarako minez.

Baina beno, hori beste Lile bat da, eta, zuk, lehenago aurkeztu dizudan Lile horren oroitzapena gorde dezazun gura nuke, zoragarria zelako.

2006-10-24 19:04:42 (anabasa)