propaganda

Gauzak neurtzea ezinbestekoa dirudien garai hauetan, ezin dut burutik kendu blog hau bisitatzen duzuen ehuneko nahiko altu batek nabigatzaile bezala Internet Explorer erabiltzen duzuela.
Baina... web orriak bisitatzeko ez al da ba joan behar ordenagailua piztu eta internet jartzen duen ikonora? Bai, baina badira modu hobeak.
Nik ordea informatikaz ez dut piperrik ulertzen!! Nik ere ezer gutxi dakit automobilen inguruan, baina kotxe bat erosterako garaian logikoena marka eta modelo ezberdinak alderatzea litzateke ezta? Ba sarean nabigatzerako garaian berdin.

Muturraren aurrean jartzen diguten lehenengo gauza irensten dugu, aztertzen hasi gabe ezer hoberik dagoen inguruan. Edo behintzat zerbait ezberdina. Ongi etorriak aniztasunaren mundura. Badaude alternatibak ikono urdin horrentzat bada: Opera, Mozilla Firefox, Safari, Konqueror, ...

Portzierto, ba al dakizue gehiengoak erabiltzen duzuen programa horrek —konparazio soil bat egitearren— ez daramala airbagik, autopista erdian uzten zaitula errore grabe baten ondorioz eta beharbada kotxetik irten eta atea itxi ezinean ibiliko zarela?

Demagogiarik ez dut egingo, propaganda dei diezaiokezue agian baina nik uste iritzia ematea ez dagoela sobran beti ere eraikitzeko baldin bada. Pertsonalki uste dut aukera on bat Firefox erabiltzea dela. Zergatik baina? Horrela harrapaladan okurritzen zaizkidan arrazoien artean:

  • Software librea da
  • Beste hainbat nabigatzailek baino segurtasun zulo gutxiago ditu (ezer ez da perfektua)
  • Estandarrak betetzen ditu (zenbait matizekin puntu honetan)
  • Gehigarri mordo bat ditu nabigatzailea gure beharrizanetara moldatzeko
  • Itxura alda diezaiokegu gaien bitartez
  • Popup leiho nardagarri horiek blokeatzen ditu (pornozaleek eskertuko dute)
  • Oso erabilgarria da
  • Euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan aurki dezakegu
  • Etabar luze bat...

Orain, nik uste onena bakoitzak norbere begiekin ikustea dela nola dabilen nabigatzaile bakoitza eta ondoren erabakitzea. Ezin esan ez zaigula gustatzen probatu gabe. Kontatuko didazue nahi izanez gero...

2006-07-12 23:35:55 (anabasa)