kasualitate

Kasualitatezko hitzek inguratzen gaituzte boladaka, haize-erauntsiak bezala; hormigoi-axuleiu, hondar-manta, farolak testigu, baita eguzki izpiak ere.

Goiz bat, arratsalde bat edota gau bat paseoan, hitz-jarioan ala begirada galduan. Zerbait sentitu nahi nuke bakarrik ez nagoela ikusteko, guzti hau kasualitatearen ondorio soil bat izan dela ez antzezteko.

Hemendik aurrera, urtaro honetan kasualitatezko pentsamendu oro da berdin: zalantza-malantza, duda-muda. Ez dakigu nongoak garen ez eta nongoak izango garen, inbaditzen dugun ala inbaditzen gaituzten, bart gaueko garagardoak norenak ziren eta mozkor handiagoa nork harrapatu zuen, atmosferan gu bion artekoa baino hizkuntza nabarmenagorik dagoen. Gu bakarrik ote garen herri honetakoak.

Ihes egiteko modu soil bat bila dezagun, munduko erlojuak lokartzen diren pausagunea aprobetxa dezagun zalantzak uxatzeko. Denak alde egiten duten une hori bakarra da, fantastikoa, bertakoak garela sentiarazte gaituena eta bakarrik ez gaudela ikustarazten diguna. Horregatik hautatzen dugu momentu hori kasualitate guztiak hausteko, hondartzara joan eta bainu fresko horren pribilejioaz gozatzeko.

2006-07-05 20:28:01 (anabasa)