istorio bat idazteko bi modu (eta II)
Bihotza uzkurturik esnatu da Fernando. Aurpegia garbitu eta gosaltzera joan aurretik leihotik begiratu du. Betiko moduan. Segurtasun gabeziak ingurura begira jartzen baitu; dena bere lekuan dagoela ikustea ezinbestekotzat jotzen du. Esate baterako merkatuko fruitu-barazkien joan-etorri goiztiarra, etxe atariko kafetegietan isuritako lehen kafeen usaina, goizeko usoen hegaldiak edota Gabrielen arraindegiko furgonetaren eztula ezinbestekoak zaizkio zeinahi egunetan Fernandori.
Kafea berotu du ondoren eta bi kikara jarri ditu mahai gainean. Azukreontzi bat ere atera du, bi goilara txikirekin batera. Gero te beltza prestatu du. “Zuri gustatzen zaizun bezalakoa” esan du. “Gaurkoa ongi atera al zait?” galdetu du gero. Fernandori xehetasunik txikiena ere zaintzea gustatzen zaio eta horregatik saiatzen da tea ondo egiten. Mariak merezi duelako.
Dutxa beroa hartu du gosaldu ondoren, laneko arropak jantzi eta “Gero arte, betiko orduan itzuliko naiz” esanaz agurtu da. Behean Gabrielek keinu egin dio betiko moduan egun ona adieraziz eta leihoetan arropak zintzilik dauzkaten etxeen arteko kale adokinatutik barrena abiatu da lanera.
Fernandok tranbia batean egiten du lan. Bidaiarien txartelak ongi dauden ikusten duen arduraduna da. Baina berarentzat ez da soilik txartel bat ikuskatzea. Fernando arduratzen da jendea bide onetik joateaz. Jendeak joan nahi duen lekura iritsiko dela bermatzen da. Kontu handiz egiten du bere lana; oso garrantzitsua baita bere ustez Nairobitik edo Berlinetik edo Vladivostoketik edo Seuletik etorri den bidaiari bati bere bidean laguntzea. Hori bakarrik ez ordea: era berean bermatzen da egunero-egunero Alejandra, Alberto, Diego edota Sebastian gustora joango direla beraien betebeharretara. Joango da bat semeari bisita egitera, joango da beste bat kartetara jolastera, joango da hirugarrengo bat lanera, ... edonola ere, denak bide onetik joatea da bere helburua.
Horrek segurtasuna ematen dio, eguneroko beste gauza bat delako. Hori dela eta etxera itzultzean idazten du Mariarentzat, bera ere seguru egongo dela sentitzeko. Astero gutun bat, hasiera berdinarekin.
“Kaixo Maria:
Zer moduz joan da aste hau? Urruntasunetik sumatzen dut eguzkiak inguru horietatik ere berotzen duela. Gustora beraz.”
Eta eguneroko gauza txikiak kontatzen dizkio.
“Prestatu dudan tea gustatu al zaizu? Zuri gustatzen zaizun modukoa egin dut, beltza. Agian beroegia atera dizut, edo azukre gehiegirekin beharbada. Saiatzen ari naiz ongi ikasten nola egin tea, baina ez dut uste zuk bezain ongi egiteko gai izango naizenik inoiz.
Gaurkoan Jonas deituriko gizon danimarkar bat galduta zebilen. Motxila handi bat zeraman bizkarrean lotuta eta okerreko tranbia hartu du. Bere herrira bueltan zihoala esan dit eta hegazkina hartzekoa zela. Jende asko nahasten da hiritik ateratzerako garaian. Nik badakit 18. tranbia hartu behar dela aireportura gerturatzeko, kanpotarrek ez ordea. Ni egunero bainabil hor barruan biraka eta badira urteak.
Horregatik esan diot okerreko tranbia hartu duela eta apur bat itxaron beharko duela 18. tranbia pasa arte. Eskerrak emanez agurtu nau. Pozgarria da horrela dabilen jendeari laguntzea.
Jende gutxi joan da gaur txartelik gabe. Dakizun moduan baina, ez diet esan tranbiatik jeisteko. Iruditzen zait jendeari utzi egin behar zaiola nahi duen lekura iristen. Askotan esan dizut Maria, badakizu.
Barrio Altorako bidean ume batek nire izena galdetu dit. Fernando esan diot eta nire izena apuntatu du koaderno batean. Berak Alex esan dit. Asko poztu nau izena galdetzeak. Albertok edo Sebastianek badakite nire izena, egunero etortzen direlako tranbian. Baina kanpoko jendeak ez daki ni Fernando naizela eta 28. tranbian esango diedala ongi doazen beraien bideetan. Badakite leku horrek Barrio Alto duela izena, badakite beste harek Sintra duela izena, baina ez dakite nik zein izen dudan. Umeari baina inportantea iruditu zaio nire izena zein den jakitea. Agian bere herrian jendeari esango dio Lisboan badela tranbian langile bat Fernando izena duela. Badakizu asko pozten nauela horrek; nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Eta badakizu baita ere ez dela txartelak ikuskatzea soilik.
Zure inguru horietako jendeari ere esango zenien nire izena. Inoiz Lisboara etorriz gero gogora daitezela 28. tranbian badagoela Fernando bat.”
Hortxe uzten dio idazteari. Hurrengo egunera arte.
Jai egunak ezberdinak dira ordea. Jai egunak gazi-gozoak dira: ez dago Gabrielen arrastorik, ezta fruitu-barazkienak ere, goizean ez da kaferik isurtzen etxe azpiko kafetegietan eta ez du tranbiara joan behar lanera. Usoen hegaldiek bakarrik jarraitzen dute hor goian, hara eta hona. Ez dute ibilbide finkorik eta galduta ikusten ditu.
Laneguna ez denez, Mariaren gutuna kontu handiz ixtearekin batera helbidea idazten du, seilua jarri eta postontzian botatzen du. Etxera bueltatu eta logelako armairuan duen kaxa handia ateratzen du. Gutunak besterik ez daude bertan, astero jasotakoak. Zenbatzen hasten da orduan, batetik hasi eta ehuneraino. Ehunetik jarraitu eta berrehuneraino. Azkenera iritsi arte. Zortzirehun eta hamasei orotara.
Urteen joanean, usoen moduan ibilitako zortzirehun eta hamasei kartazal, zortzirehun eta hamasei gutun. Joandako lekutik itzulitako zortzirehun eta hamasei nahi galdu.