istorio bat idazteko bi modu (I)
Amak esan zidan izeko Pilarrekin etorri behar nuela eta halaxe nago, izeko Pilarrekin. Izeko Pilar da pertsona bat asko-asko hitz egiten duena eta hitz egiten du adibidez trenen inguruan, tranbiez, hegazkinez eta gauza gehiagotaz ere bai. Bai, ze izeko Pilarrek asko daki gauza horien inguruan eta beti kontatzen dit zerbait berezia.
Orain hemen gaude, etxetik oso-oso urruti ze hegazkinez etorri gara honaino. Donostia baino askozaz ere urrutiago dago hau eta aitarekin autoan ordu erdian gaude Donostian eta leku honetara abioian etorri gara eta ordu erdi baino gehiago egon gara airean eta nik uste dut Donostia baino urrutiago gaudela. Bilbo baino gehiago ez dakit, inoiz ez naizelako bertan egon baina Donostia baino urrutiago uste dut baietz.
Etxetik abiatzerakoan galdetu nion amari Nora goaz ama eta esan zidan Lisboara. Orduan pentsatu nuen Lisboa izena ez zitzaidala ezaguna eta izekori galdetu nion Non dago Lisboa Pilar eta uste dut esan zidala Donostia eta Bilbo baino urrutiago zegoela baina ez nago oso ziur.
Izekok gauza asko dakizki eta esan dit 28 zenbakidun tranbia dela onena. Tranbia bat da tren bat bezalakoa baina txikiagoa, eta karreteratik joaten da. Baina ez ditu gurpilak autoek bezala, trenen antzera burdinbideetatik joaten da. Eta kableak ditu goian.
Gu 28 zenbakidun tranbiatik goaz, izekok esan duelako onena hori dela. Ez dut ulertzen zergatik esaten duen 28a onena dela. Nik uste nuen onena 1a zela, gero 2a, gero 3a, gero 4a, gero 5a, eta horrela jarraitzen du infinito arte. Ziklistak bezala, Indurainek Frantziako Tourrean 1a eramaten du onena delako, eta bere taldekoek gero 2a, 3a, 4a, 5a, ... bere taldekoak ere oso onak dira baina Indurain onena. Gero daude 10a, 11a, ... eta nik batzuk ezagutzen ditut bakarrik, Ciapuchi eta Bugno adibidez. Baina asko dira, 1etik hasi eta infinitoraino. Uste dut baina denek ez dutela parte hartzen, bestela guztiak ez zirelako karreteran sartuko eta batzuk karrera oso berandu bukatuko zutelako eta gaua izango zelako baina gauez ezin da korritu ze ez dago argirik eta bizikletek ez dute argirik.
Ba nik ez dakizkit ziklista guztien izenak ze asko-asko dira. Infinito. Izekok esan zidan behin infinito zortzi bat etzanda bezala idazten dela, eta pentsatu nuen oso zaila izango zela zortzi bat etzanda imaginatzea beti tente ikusi dudalako. Infinito da asko-asko, 8 baino gehiago eta 28 baino gehiago. Baina ez dakit zergatik esaten duen izeko Pilarrek 28 zenbakidun tranbia dela onena.
Uste dut Barrio Alto deitzen den leku batetara goazela. Tranbia goraka doa eta gu goazen lekua ere goian egongo da. Goraka joaten diren tranbia batzuk izen berezia dute eta funikularrak ere deitzen dira. Beste batzuk ere badaude mendian gora eta behera ibiltzen direnak, baina azkarrago. Donostian badago bat. Amak esan zidan hemen Lisboan bazegoela horrelako bat, baina oraindik eta azkarragoa eta handiagoa. Hegan bezala egiten duela esan zidan bai. Hauek ere bi motakoak daude: suitzarrak eta errusiarrak. Txikienak suitzarrak dira, Donostian dagoena bezalakoa eta handienak errusiarrak, hemengoa bezala. Uste dut horrela deitzen direla Suitza txikia delako eta Errusia oso-oso handia. Behin amak erakutsi zidan mapa handi-handi bat eta bertan ikusten zen Errusia. Gu baino gorago zegoen eta Suitza ere bai, baina Errusia baino beherago.
Lisboa ez dakit gure etxea baino gorago ala beherago dagoen, baino gu goraka goaz 28 zenbakidun tranbian, Barrio Alto deitzen den leku batetara eta seguruena Suitzatik eta Errusiatik geroz eta gertuago gaudela, geroz eta gorago baigoaz.
Orain gizon bibotedun bat etorri da eta xelebre jantzita dago. Txapela darama buruan, telebistan agertzen diren poliziek bezalakoa. Baina izekok esan dit ez dela polizia. Izekok esan dit tranbiako langilea dela eta leihatilan erosi dugun txartela atera behar dugula gizonak ikusteko ondo goazela gure bidean. Baita ere esan dit jendeak batzuetan ez duela txartelik erosten eta gizon horrek tranbiatik bota egin behar izaten dituela gogoz kontra. Ni handitan tranbiako langilea baldin banaiz ez dut inor kalera botako, ze jendea tranbian montatuko da Suitzara edo Errusiara joateko, ze leku horiek mapan goian agertzen dira eta tranbia goraka doa. Amak erakutsi zidan behin mapan.
Gizona gerturatu egin zaigu eta ikusi dut bere biboteak urte asko dituela. Gertuagotik gauzak hobeto ikusten dira. Nire aitak ere bibotea zuen, baina ez hain zaharra. Aita ere ez zen oso zaharra txikitan ikusten nuenean. Baina behin joan egin zen eta ez nuen hortik aurrera berriro ikusi. Amari galdetzen nion Nora joan da aita eta ama isilik geratzen zen. Nik uste nuen amak bazekiela nora joan zen aita baina ez zidan esaten. Hortik egun batzutara izekok paseatzera eraman ninduen eta aita ikustera joan ginen. Baina nik ez nuen aita ikusi. Izekok esan zidan Hor dago zure aita Alex eta lurreko harri handi batera seinalatu zuen, baina nik ez nuen ikusi. Bertan letra batzuk zeuden idatzita eta nire aitaren izena jartzen zuen. Esteban irakurri nuen altuan, eskolan erakutsi didaten bezala. Eskolan irakurtzen eta idazten ikasi dugu eta nik oso azkar dakit irakurtzen eta idazten.
Izeko Pilarrek Goazen esan zuen eta joan egin ginen. Isilik geratu zen gero. Leku hartan nire aitarenak bezalako harri asko zeuden eta denetan izenak zeuden idatzita, adibidez Matias, Tomas, Maria, ... etxera iritsi eta izenak idazten hasi nintzen, gero andereñoari erakusteko.
Gizonak gure txartelak hartu ditu eta ikusi du ongi goazela gure bidean. Orduan galdetu diot Zein da zure izena eta irribarre egin du eta esan dit Fernando. Azkar-azkar idatzi dut Fernando izena arkatzarekin koadernoan eta gizonak galdetu dit nire izena zein den eta esan diot Nire izena Alex da. Eta gero jarraitu egin du lanean, tranbian gaudelako eta berak tranbian lan egiten duelako.
Pilarrek esan dit iritsi garela eta atea zabaldu denean tranbiatik jaitsi behar dugula. Goi-goian gaude eta tranbia orain beste aldera doa, beheraka. Izekok esan du Begira Alex dena ikusten da eta nik begiratu dut eta gauza asko ikusi ditut: ikusi dut etxe mordoa, ikusi ditut kanpandorreak, ikusi ditut autoak, ikusi dut jendea eta ikusi dut itsasoa. Goi-goian gaude, eta ez dago ezer gu baino gorago. Pentsatu dut Errusia eta Suitza gu baino beherago daudela. Amak erakutsi zidan behin Suitza eta Errusia gu baino gorago zeudela. Oso urruti daude. Lisboa ere oso urruti dago, Donostia eta Bilbo baino urrutiago eta hegazkinez etorri gara honaino.
Hemen goitik iruditu zait gure etxea ikusten dela hor behean, urruti-urruti, eta eskuarekin agur egin dut badaezpada ere, ama balkoian badago ikus dezan hemen nagoela, izekorekin. Bai, ze amak esan zidan izeko Pilarrekin etorri behar nuela, eta halaxe nago, izeko Pilarrekin.