zulo
Denborak lurperatzen gaitu eta lurperatzen dizkigu nahiak eta grinak. Gero gutxi batzuk azaleratzen dira berriz ere ahanzturaren putzutik momentura. Ezin aukeratu baina zer utzi atzean eta zer ekarri berriz ere atzetik aurrera.
Hondarretan zuloak egitea bezain harrigarria da. Ez al duzue inoiz ikusi hondartzaren batean norbait zulo bat egiten? Ez ordea esku bakarrarekin ziztu batean egiten den zulo txiki bat, denbora luzez eta bi eskuekin edo pala baten laguntzaz egindako zulo bat baizik. Gerora zulora sartzea eta bertatik irtetea lanak ematen dituen zulo-mota hain zuzen ere.
Ba kuriosoa da egia esan. Halako zuloak gehienbat haurrak egiten dituzte. Agian aparteko sen arkeologikoa dute beraiekin ezkutatuta. Batek daki. Kontua da denetarik irteten dela hondar-mantaren azpitik; sekulako altxorrak daude ezkutatuta gure kostetan: ehun pezetako txanponak, orrazi abandonatuak, milaka plastiko, egur zatiak, ikusmena galdu duten eguzkitako betaurrekoak...
Objektu bakoitza denborak lurperatuta, ezkutura edo ahanztura soil horretara kondenatuak inork bizia eman ezean. Bizia eman eta orduan oroitu 82. urteko uda hartan zein ziren modako betaurrekoak edota zenbat buelta emango zenituzken barraketan hogei duroko txanpon horren balioarekin.
Antzeko zerbait gertatuko zaie honako lerro hauei ere. Hitzak begien aurretik pasako dira, agian zerbait iritsiko da burura eta inoiz zuloren bat eginez gero memoriaren aztarna galduetan azal daiteke zerbait.
Lerroak idazten dituenarentzat baina ez da berdina. Idazten duenak berekiko memoria garbiagoa dauka eta konszienteagoa da. Horregatik idazten du, noizbait gogoratzeko izan zen hura, erreparatzeko nor den edota konturatzeko jorratutako bideak zein nolakoak izan diren. Eta zergatik ez, bere buruari barre egiteko eta baita lotsatzeko ere.
Ondorengo egunetan garai batean idatzitako bi testu ekarriko ditut argitara. Batentzat azaleratzea izango dena, beste batek lurperatze gisa ikusiko du.
Datorrena, izango dena, baina oraindik ez dena. Zulo bat.