blues

Young Play, Pasaia, Errenteria, Ugaldetxo. Ze pintatzen du Billie Holidayk paisaia industrial horretan? Jimmie Sánchez Kolirio izena hobeto geratzen dela dio subkontzienteak. Eta txakurren arteko borrokak, portuko pabilioiak, merkatuntziak, garabiak eta estibadoreen lan errepikakorrak.

Aukeran irakurtzeko letra txikiegia du liburuak; inprentan enkargu inportante eta potoloagoren bat izango zuten seguruenik garai hartan. Edonola ere, hona hemen hautatutako pasarte batzuk.

Okerrena zen igarotzen den denbora ez dela atzean geratzen, alboetan baizik. Gure bizitzako gertaera eta pertsona guztiak, atzean utzi izan uste ditugunak ere, hortxe daude, gure etxeko hormetako argazkietan, kristalezko hilkutxa mehetan, edozein kale ertzen bestaldean. Eta guk ezin ditugu ukitu: ikus ditzakegu, baina ez geureganatu. Ez. Ezer ez da atzean uzten. Gauzak atzean uztea lortuko bagenu ez litzaizkiguke hain gogaikarriak suertatuko.

Liburu bat azpimarratzen denean liburu horrek bizia hartzen du. Ezkutuko egunkariaren antzeko zerbait bihurtzen da, oso pertsonala, guri buruz mintzo dena. Gertatu zaigun guztia eta desiratu arren ausardia faltaz egin ez dugun guztia, dena dago hor. Bidali ez genituen gutun guztiak eta gure buruari beteko ez genituela jakin arren izunak zirenik aitortu gabe egindako promesa guztiak daude azpimarra horien baitan. Gainera, azpimarra bakoitzak hainbeste indar har dezake, non eragina izan bailezake etortzear dauden gertakizunetan, gure bizitzan eta liburu hori aurrerantzean eskuratu eta irakurtzen duten haien bizitzen baitan. Eta du. Beti du eragina.

Harkaitz Cano — Pasaia Blues — Zoi

Esku bat esku bat da. Batzuek ukabilka hartzen gaituzte eta beste batzuek laztanez. Ez eskatu besterik esku bati. Etika, garantiak edo segurtasuna nahi bazenuen, epeka ordaindu beharreko mikrouhin-labe bat erosi besterik ez zenuen.

Harkaitz Cano — Pasaia Blues — Arma

Esku bat esku bat besterik ez zen eran, sentimendu bat sentimendu bat zen, eta kito. Alferrikakoa litzateke norberak zituen sentimenduengatik errudun sentitzea.

Harkaitz Cano — Pasaia Blues — Blues

2010-05-04 22:44:59 (mozketak)