molde

Zapaturo Xabier Gantzarainek moldatzen dizkigun hitzak molde bereziz bilduta datoz gaurkoan. Pentsatzeko moduan. Pentsutzeko eran.

Jakinekoa da teknologia ez dela sekula neutroa izan; pentsamoldearen moldea da. Adibide eskas bat jartzearren: oso bi gauza diferente dira muxu bat idaztea sms mezu baten bukaeran, eta muxu bat ematea berriketaren ostean. Ez dakit zuei; niri askoz gehiago ematen dizkidate telefono bidez. Errazagoa da. Ez dago bizarrik, ez usainik, ez zuldarrik masailean. Ez dago okerreko masailaren bila joateko edo betaurrekoekin talka egiteko beldurrik. Ez eta gaitzik kutsatzeko modurik ere.

Aspaldi dago gaitza kutsatuta, baina. Hitzen ondoeza da, muxuaren sindromea: hustu egin dira hitzak. Hitzek ez dute tolesik, hitzek ez diote deus, hitzak ez dira hitzak besterik, nola edo hala jositako hizkien hilobiak, esan nahi eta uste denaren zulo beltzak.

Azken kolpea, etsitzeko ukaldia, sakelako telefono berriarekin jaso nuen. Nik ez nekien halakorik bazenik, ez dakit guztiek daukaten, edo etxe batzuk bakarrik eskaintzen duten zerbitzu hori. Telefono berria izanagatik, hamar mezu neuzkan gordeta. Jakin behar diat ba hau zer arraio den. Moldeak ziren, txantiloiak, ereduak. Pentsamoldeak eta pentsu moldeak.

Bilera batean nago, berandu iritsiko naiz, laztana. Auto-ilara beldurgarrian harrapatuta nago, ezingo dut azaldu hitzordura.

Ez naiz guztiekin akordatzen, baina ez dago esan beharrik, denak ziren estilo berekoak. Jakineko egoera errepikakorretarako erabiltzen diren jakineko hitz errepikakorrak. Horra, pentsatu nuen, giza jende praktikoarentzako pagotxa: gordetako mezuetara joan, moldea aukeratu, eta kitto. Hau bai, ereduzko prosa.

Lehendabiziko moldeak hauxe zioen: Nik ere bai.

2010-03-27 14:54:25 (mozketak)