gulliver

Lurrari lotuta dago Gulliver eta lokarrien esanahia topatzea dagokio irakurleari Xabi Bordaren azken poema-liburuan (Gulliverren lokarriak). Eguneroko bizitzaren aurreko jarrerak daude barreiatuta, norberaren beldur eta arriskuei lotuta.

Edukiari dagokionez, esate baterako irakurle honi iruditu zaio zenbait poema bukatu gabe bezala daudela, amaiera hobe baten esperoan baleude bezala; zirriborrotarako paperetik erauziak. Fundamentu gehiegirik gabeko inpresioa da ordea.

Bestetik, atentzioa dei dezake matematika edo kalkulurako joerak (edo ez, autorearen ikasketetan erreparatuz gero), liburuaren hasiera partean batez ere (hasierako hezurretan?).

limitera eramandako esperantza:
gaizki ebatziriko problema izango ote naiz
oreka euklidear baten parte okerra
ezintasunaren paradoxa eder bat

Xabi Borda - matematikaren uhartean

Poema askotan, gainera, eguneroko hizkeran ezohikoak izan daitezkeen hitz solteak erabiltzeko nahia topa daiteke (hitz bat poemako): txatal, trikota, lurmendu, katabut, zafra, endelegatu, zakatz, leiartu, lauhazka, erlantz.

Osotasun baten falta sumatu arren, han-hemenka zertzelada ederrak topa daitezke.

jaso nazan lotu nazan
utzidan izaten
asmatu dunan uharteko bandera

Xabi Borda - trapua

Halere irakurle hau zerbaiten faltan bezala geratu da, idatzitako baina liburuan sartu ez dituzten poemen esperoan, akaso.

2010-02-04 22:18:19 (mozketak)