sustrai

Denbora, kartzela, astearteak (eta igandeak), politika, heriotza eta haurtzaroa ditu mintzagai besteak beste Oier Guillanek Eskuen Sustraiak poema-liburuan.

Irakurri ditudan elkarrizketa eta kritiketan, nago ni formari dagokionean sobera azpimarratu dela gorputzen zatiekiko joera, nolabait teatroarekin lotuz, esan nahi baita, Mikelazulokek egiten dituzten poesia-emanaldiekin. Gorputzeko zatiez gainera, lurrarekiko lotura estua ere nabari da (loreak, zuhaitzak, sustraiak, hazia, ereitea, goldetzea, ...).

Eremu honetatik haratago erreparatuz, gaien tratamendua sakona da, mami nahikoa topa dezake irakurleak.

Badira zenbait poema, gainera, altuan irakurtzeko modukoak diruditenak. Irudipena dut baieztapen hau beste nonbait irakurri dudala; dena den, lehenengo eta azkeneko poemak honen erakusgarri dira (Paperezko baratzea eta Golde lurra, hurrenez hurren).

Arrakalak, erauzi, mapak, hatzak, ahur, edo lore dira hainbatean errepikatuta topa daitezkeen hitzak. Denbora izanez gero, irakurtzeko modukoa.

Hutsik dagoen
zuhaitz baten isla
memoriaren leihoan

Ke seinaleak egin ditut
ikus nazazun
eta birikak kutsatu zaizkit

Zure beroaren babesean nago
denborak iraun artean
hotzak ahantz nazan

Ospitaleko gela bat dirudi denborak
Landare haragijale bat daukat
gaur ezpainetan

Ortzadarra haginekin zauritu eta
euria beranduago
has litekeela sinetsi dut

iraultzarik gabeko
igande arratsetan

Oier Guillan - Une akrilikoa

2010-01-08 12:56:38 (mozketak)