atzera begira

Gaurko hitzak Garazi Goiari lapurtu nahi dizkiot, Berriako zapaturoko zutabean botatakoak gogoan izateko. Merezi dutelakoan.

Lagunaren eta egiaren artean aukeratzeko eskatuz gero, egia aukeratuko lukeela zioen Milan Kunderak bere liburu batean; adinak emandako ezkortasunak, gaztetan erlijioaren pareko ideologia bat bezain sakona zen adiskidetasuna eszeptizismoz ikustera behartu zuen.

Modu batean ulertzen dut jarrera pesimista hori. Ez dira hainbeste hor, zure ondoan, gelditzen direnak. Batzuk bidean gelditzen dira; beste batzuek norabide ezberdinak hartzen dituzte edo hartzera behartuak izaten dira; edo zure erabakiz urrunaraziko dituzu besteak; eta beste batzuk, hor badaude ere (edo daudela badiote ere), isiltasunean dauden fantasmak baino ez dira, eta hitzik gabeko adiskidetasunean ez dut sinesten. Nerabezaroan adiskidetasunak iradokitzen duen betiereko izatea eta adiera erromantikoa pixkanaka desegiten hasten dira, fidagaitzago bihurtzen gara.

Liburuan paragrafo hori irakurri nuen egun berean, eskutitz bat jaso nuen; eskuz idatzitako bi orrialde; azken bost urteetan berririk ez nuen adiskide batena zen, beste bide bat hartzera behartua izan zen adiskide batena. Gutun-azalean igorlearen daturik gabe, denborak inposatutako distantziak ez zuen bueltan erantzunik eskatzen. Eta eskuz idatzia, hori gaur egun luxu bat da.

Une batez, eskutitz soil batek iraganeko konnotazio ideal harekin mozorrotu zuen adiskidetasuna, eta pragmatiko izateari utzi nion. Atzean gelditutako adiskidetasunak badakizki ustekabe atseginak ematen. Egiaren gainetik adiskide edo lagun batek badu botere berezi bat. Hori baieztatu zidaten bi orrialde haiek. Eta, bide batez, mila esker eskutitzarengatik.

2008-11-29 13:30:37 (mozketak)