kaka

Kaka

Sulabh Internationaleko jendearen kakarekin egindako 21 modulu antropometriko, hauxe da gutxi gorabehera Santiago Sierra artistaren azken lanaren izenburua. Irakur daitekeen bezala (oso izenburu deskriptiboa da) Indian lan egiten duen gobernuz kanpoko elkarte bateko kideen kakaz osatutako artelana baita Sierrak Londresko Lisson galerian jarri duena.

Sulabh International elkarteak Indiako gizartean dauden maila baxuenarekin egiten du lan. Itxuraz elkartutako kideek Scavengers izena hartzen dute, eta jatorriz zikinkerien artean bilatzen duena esan nahi bazuen ere, Indian komunetako kaka biltzen eta horretarako prestatutako tokira eramaten dutenak dira. Beraz, kaka garbitzaileak eta garraiatzaileak dira Scavengers izenekoak, eta horregatik, gizartearen beheko mailaren azpian daudenak dira. Gainera, aurreko bizitza oker batek eragindako patua denez, jaiotzez lan hori egitera behartuta daude, aurreko bizitzan egindako okerrak zuzentze aldera edo.

Santiago Sierrak errealitate horren berri eman nahi izan digu instalazio moduko artelan honen bidez. Kaka garbitzeaz eta garraiatzeaz arduratzen direnen kaka bildu, pilatu eta hiru urtean lehortzen utzi, osasunarentzat kaltegarria bihur ez dadin. Gero lurraren antzeko orea bihurtu den gorotza plastifikatu, eta 215x75x20 zentimetroko egurrezko kutxetan sartu ditu. 21 modulu horiek Londresko galeria ospetsuenetako batera ailegatu dira, eta Indiako gizon aberats batek erosi omen ditu.

Ez dago gaizki lehendabiziko munduan bizi garenoi gure bizitza erosoak zeren gainean eraikitzen ari garen akordaraztea. Hankak hirugarren munduko jendearen kakaren gainean dauzkagu, eta nahiz eta beste aldera begiratu, edo hobeto esanda gora begiratu (gure etengabeko asmoen norabidea), noizean behin behera begiratu eta oinak lokaztuta dauzkagula konturatu beharko genuke.

Baina ez dakit Sierraren lanak horretarako balio duen edo arte munduko jendea lasaitzeko besterik ez duen balio. Sulabh International izeneko elkartea urez hornitutako komunak eraikitzen saiatzen da, eta ez du ezer kobratu artelana osatzen laguntzeagatik. Bitartean, Indiako aberatsak auskalo zenbat diru ordaindu dion galeriari artelana erostearen truke. Denak kontent, kaka biltzaileak izan ezik.

Ismael Manterola Ispizua - Kaka

2007-12-08 14:55:10 (mozketak)