barnemuinetan

ziur

2010-03-08 00:19:21

Oso ziur nengoen bizitzan zenbait gauza pasako zirela noizbait. Hil aurretik gerta litezkeen kontu horietakoei buruz ari nintzen, alegia. Tartean gauza oso inportanteak zeudela argitu nizun, belarrira esan ezin diren istorioak ere bai, gainera.

Ziurtasunari sinismena gehituta bizitzeko grinak itzalezinak zirela errepikatu nizun. Oraindik hamaika gertakizun ikustekoak ginela, jazoko ziren pasadizoak historiara pasako zirela eta, orduan bai, orduan belarrira xuxurlatuko nizula betetako ametsen zoriona.

erantzunik gabe |   

grazia

2010-03-06 10:45:38

Plaza honen erdian nago eserita —Piazza Fiera esango luke A.k— liburu eta kafe batez lagunduta. Soa altxatu dut eta grazia egin dit han bestaldean ikusi dizudan preokupazioak, ardura isilak, hitzez haritutako fereka mutuak.

'Zerbait gertatu zaizu' burutik bueltaka dabilkizula pentsatu dut galdera markak enparantza zedarritzen duela sumatzean. Ez baina. Gehienez ere esertzeko plazerera makurtu naiz, esperoari goxatzeko eskubide guztiak bermatuz, denboraren zirrikituekin forma diferenteak osatuz.

erantzunik gabe |   

tango

2010-03-04 00:02:09

Tango baterako keinua egin zidan. Ordura artean halakoetara jolastu gabea nintzela erantzun nion, keinu lotsatiz. Diferentea izango zela. Tira ba.

Nire harridura elikatze aldera, ordea, egin zuen gauza bakarra tangoari izena aldatzea izan zen.

Literatura artifizio hutsa da.

Mario Vargas Llosa

Sastada bakar harekin harrapatu ninduen. Zein erraza den amore ematea.

erantzunik gabe |   

negu

2010-02-25 18:59:29

Negu hotz hartako hatsaren lurruna kristaletan behera lehertzen da autoan noala irratian Manu Chaoren abesti hori jartzen dutenean.

erantzunik gabe |   

arreba

2010-02-24 17:52:09

Begiak gorri ditudala esnatzen naiz azkenaldian, suzko arrakalekin zainetan barrena. Eta badakit ez dela amets beliko baten eragina, orroa grinatsuena ezta gupidagabeko herrarena. Ez.

Badakit urrutian zaudela eta zure negarrak itsasten zaizkidala gauez, ispiluaren bestaldean ikusten dituzun koloreak ilunak besterik ez baitira. Eta niri horrek, arreba, min ematen dit.

erantzunik gabe |   

molla

2010-02-22 19:49:18

Molla zaharrera inguratu naiz aspaldiko partez pasieran eta kulunka isiletan abandonatutako txalupei begira galdu zait mira. Utzikeria, liskarrak, heriotza, hamaika arrazoi egon daitezke batelen ahanzturan.

Baina, gauza ziurrik balego, etxe inguruko ur ezagunek sortzen duten ilusio falta da; ur handiago eta berriagoen nahiak itota hil diren altxor (des)preziatuak dira.

2 erantzun |   

Ilehoria oso mantso lehortzen baitzen, mantso-mantso, nire begirada bere goizeko lehen jantzi izatea nahiko balu bezala. Jon Iraola

CC by-sa lizentzia