gertu

Frantsesez hitz egin zenidan, nik ulertzeko moduan, eta ametsa bukatu aurretik datorren urtera gonbidatu zenidan. Ez naiz akordatzen eskutik elkar heldu genuen, oso gertu sentitu ginela agerikoa da, baina.

Hemen Naiz Ez Gelditzeko Baina

2023-12-31 17:20:28 (bizhitz)

nakba

hebrongo kasbah
ezin zeharka
bakanduta dauzka
i.d.i.en bazka
zaunka banaka
noiz akaba
eguneroko nakba

2023-11-12 13:47:43 (anabasa)

itzali

Organismo hau makalegia da gizarte berriaren beharrei erantzuteko. Arbasoei arrotzak zaizkien garaietan, nola lagundu belaunaldi berriei?

Ez dago garbi adinaren ajeak diren edo orokorragoa den arazoa; edonola ere, transakzionala bilakatu da jendartea. Gaur zurekin hau, bihar besterekin hori. Egin salto komeni zaizun irlara. Sakonean aritu eta errotzeko zailtasunak ageri dira.

Itzali behingoz pantailak. Segi kafetegira eta ikusi behingoz, besteak zertan ari diren, begiratu leihotik kanpora, utzi pasatzen denbora.

2023-08-15 22:32:04 (bizhitz)

hego

Eguzkiak igual-igual berotzen du baina oharkabean pasa dira urteak. Itxuraz berdin aurkitu dut: gazte, zapatilak eta sudadera, ilerik ez zaio erori. Begirada ebakia du ordea. Zer ez ote duten ikusi begi horiek; ez kanpora munduari so, baizik eta barrura, barne-muinetako ilunei, jarraitzen izan dituen bozei, zornatutako memoriei, gaiztotutako adiskidetasunei, amildegira eraman zuten erabakiei. Hegoak moztuta ikusi dut mutila. Eta bekokiak besterik badio ere, eguzkiak bezala begiak itxita dena dakusa.

2023-01-03 20:03:14 (bizhitz)

eskala

hiru mila metroko gailurra
hondorik gabeko putzua
segun eta nola neurtzen den
tamaina desberdina du denak
ulertzeko modua: eskala.

2022-12-31 18:20:53 (bizhitz, neurtitz)

borda

alpeetako txokoren batean
aldapa malkarrari segi
ubidea mendeek zaildua da
borda abandonatuari so
neguari aterpea bilatzea lehentasun
harria handi, astun, mardul
itzala ez da hotz,
egurra piztu, argitara bildu
zirrikitutik begiratu eta
unibertsora askatzeko ilusioa
irudikatu

2022-12-25 10:55:20 (bizhitz, neurtitz)